Arbatzegi eta Gerrikaitz elkartasun bidean

1867ko Errege aginduak eragin handia izan zuen Gerrikaitz eta Arbatzegi herrien arteko harremanetan. Lege horrek agintzen zuenaren arabera, 200 auzokide ez zituen udalak, auzoko herriren batekin elkartu behar zuen, udal bakarra osatzeko. Arbaitzegik, urte horretan, 157 auzokide zituen eta Gerrikaitzek 72. Beraz, bien artean 229.

Itxuraz, Arbatzegik eta Gerrikaitzek herri bi zirela, sarri edukitzen zituzten istilu txikiak. Hala ere, gehiagotan izaten zituzten bestelako gorabeherak, hau da, bakarrik egin edo bete ezin eta elkarren laguntzaz egin beharrekoak. Horrelakoetan herri biak Zubialde zubian batzen ziren, han zegoelako bien muga. Lekurik aproposena zen, azken finean, ez gehiago eta ez gutxiago, bata bestearen pareko zirela erakusteko.

Horrelako zerbait gertatu zen 1882. urte inguruan. Jakina, horrelako batzarretara heltzeko, aurrez giroa egokitu behar izaten zen, eta ez zen bat-bateko gertaerako batzarra egiten. Aldi hartan herriak behea jota zeuden, gerrateko zorrak eta ondorenak zirela eta, lepoa ezin jasota.

Beste herri askotan berdintsu gertatzen zen. Eta Aldundia bera ere herrietatik dirua hartzeko gertuago zegoen, emateko baino. Urte haietan hasiak ziren herri txikiak ere umeen eskolez eta heziketaz arduratzen, eta ezin ziren heldu maisu edo maistra ordaintzera. Horrelako estuasunak eraginda hasi ziren herri biak hartu-emanetan eta halako batean erabaki zuten herri bien arteko elkartasun osoa gauzatzea.

Aurrez baimena eskatu zen Gobernu Zibilera, eta baimena lortu ondoren herri bien arteko batzar orokorra egin zen Zubialdea deitutako tokian. Batzar hartan bi alkateek hitz egin zuten, elkarren arteko kontu garratzak zituztela eta euren egoera larria adierazi gura zutela esanez.
Zoritxarrez, ez Arbatzegik eta ez Gerrikaitzek, ez zeukatela umeentzako lehenengo mailako eskolei eusteko dirurik. Hor zeudela zaharrak eta gaixo behartsuak ere, eta osabidea emateko edo horretan lagundu zezaketen osagileentzat ere ez zeukatela nondik eman, eta errazago zela horrelako lanak elkartasunean eramatea eta herri biek batera jokatzea, batek ezin zuena biren artean ahal zutelako.

Gero, herri bietako kontuak aztertu eta erabaki ostean, 1883ko apirilaren lehen egunaren eguerdiko hamabietan egin zuten elkartu ondorengo lehen batzar ofiziala.