Arbatzegiko San Bizente parrokia

San Bizenteren aurreko parrokia San Migel ermita izan zela esaten da; 1550 urtean Aldaka, Berreño eta Totorikako kofradietakoek parroki hori Munitibar auzora aldatzea erabaki zutela, hantxe egiten zelako eliztarren erdigunea.

Arbatzegi, Gerrika eta Urionako bizilagunak horren aurka jarri ziren, baina Arteagako Martinek, elizako patroi lez, Olajauna deituraz ezagutzen zen Pedro Zubikonari erosi zion soroan egiten hasiak ziren eliza berrira aldatzea lortu zuten. Ermitako irudiak eta jantziak parrokia berrira aldatzeko unea heldu zenean, ordea, auzotarren artean sekulako nahaste eta haserreak sortu ziren Bengoleako Sagastiluze inguruan.

Eliza honek 100 oin dauzka luzeran eta 39 zabaleran. Hiru aldare dauzka. Eliza barruan 52 hilobi egin ziren eta patroiaren hilobi berezi bat. Kanpandorrea 1725. urtean egina da.

1937. urteko apirilaren 25ean, arratsaldeko ordu bietan, hegazkinak leherkariak jaurti zituen errepideko bidegurutzean. Eta parroki hau bertan dagoenez, parroki honi kalteak egin zizkion. Leherkari bat teilatuko gailurrean jausi zen, gain-haga apurtu eta barruan lehertu zen. Eliztarrek konpondu zituzten behin-behinekoz kalterik handienak.

Gero nazionalak sartu zirenenan, euren aurka jaurtikitako obus batek, hegoaldeko horman zulo bat eginez, bertan zegoen aldarea zatitu zuen, eta beste batek elizpea.