Santa Eufemia baseliza

Aulestin bezala hemen ere Santa Eufemi gurtzen da. Arbatzegi eta Albiz-Mendata arteko lurren mugan dago, pinu artean. Gola auzoa deitzen diote. Arbatzegitik Gernikarako bidean 41 zenbakidun kilometro inguruan, ezkerretara, eta ibaiko zubia baino lehentxeago dagoen auzo bidea hartu behar da bertarako. Ermita txikia da, 8,64 x 6,40 metrokoa.

Elizaren atarian, hormari josita, antzinako harrizko aldarea dago, eta inguruan harrizko hilobi zahar handi batzuk. Gerriko minez ibili ohi direnen kutuna da santu hau. Haize zakarretan ere baserritarrek santa honi egin diote erregu. Intxaur, gaztain, sagar eta frutuen zaintzaile ontzat daukate.

Toki hau sorgin-leku izan omen zen inoiz, eta, kondairek diotenez, ermita egin zenean desagertu ziren, bertatik ihes eginez.

Gaur egun Gola baserriaren esku dago.